XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gipuzkoaren barruan hiru herrialde daude indar handiko: Deba Garaia, Goierri eta batez ere Urola / Kostaldea.

Bizkaian bertsolari gehien Gernika inguruak sortu ditu, Markina eta Durangaldeak baino gehiago, eta zer esanik ez Arratia, Txorierri eta Mungialdeak baino.

a) Eskualdeak adinaren arabera ikusteak erakus liezaguke, besteak beste, non dauden harrobi berriak, non bertsolaritza puri-purian, etab. (Ik.2.2.).

Goazen adinaldiz adinaldi: 15-24 urteetakoak hogeitabat bertsolari dira guztira eta horietako % 33,3 Donostialdekoa da eta bigarren multzoa (% 23,8) Deba Garaikoa.

Edade horretako bertsolarien erdia eta gehiago, bada, bi eskualde horietan dago.

Ikasle-jendea ere bi eskualde hauetan kokatzen da gehiena (Ik.4.2.).

25-34 adinaldikoak gazteagoak baino ugariago dira, hogeitamazortzi.

Hauetako mordo on bat (% 21,1) Urola / Kostaldekoak dira.

Nafarroa (% 15,8) eta Goierri (%13,2) datoz atzetik.

35-49 adinaldia da denetan beteena, berrogeitazortzi bertsolarirekin.

Eskualde guztietan banaturik daude adin honetakoak, bai, baina hiru eskualdetan badago kontzentrazio txiki bat: % 12,5na dute Durangaldeak, Busturialdeak eta Deba Garaiak.

50 urtetik gorakoak hogeitamabi dira, eta hauen ia erdiak eskualderik bertsozaleenetakoak dira: Urola / Kostaldea (% 25) eta Goierri (% 21,9).

Bertso-tradizioa dagoen seinale.

b) Bertsolaria bertsolaritzara bultzatzen duten faktoreak nola kokatzen dira eskualdeetan? (Ik. 3.2.).

Etxearen eta lagunartearen eragina batez ere Urola / Kostaldean, eta Nafarroan aitortzen da.

Zaletasuna aitortzen dutenak batez ere Urola / Kostaldean, Markina-Ondarroan eta Goierrin daude.

Bertso-eskolaren eragina ere argi dago gehienbat non dagoen: Busturialdean (% 25) eta Deba Garaian (% 25).

c) Ikasketen araberako sailkapenean (Ik. 5.2.), ez dago egoera oso-oso markaturik, baina bai joerak.

Oro har esan daiteke, batxilergotik beherakoetan multzorik handienak Urola / Kostaldean eta Goierrin daudela, hots, gerraosteko bertsolaritzaren eskualdeetan.

Batxilergoa edota gehiago ikasi dutenen multzorik handienak (ez ikaragarriak, denetara ere 36 bait dira ikasketa-maila horietakoak) Busturialdean eta Deba Garaian kokatzen dira.